XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bestela esanda, autoreak liburuari Telosa Arrazoia eta Helburua emateko tentazioari ez dio eutsi.

Tentazio honen arrazoia testuan bertan baino modernitateak Atxagarenean utzi duen zaman topatu behar dugu.

Aldekoak dioen bezala:

Hasiera batean, Albino Maria eta muskerrarena, istorio ezagunak, eta ez horren ezagunak, kontatu eta birkontatzeko egokiera baizik ez zena, lagunaren galbidea ekarri du: aitzakia zena mami bilakatu zaigu... Alegia idazle modernoarentzat idatziaren helburua baino areago, idazketaren abentura bera garrantzitsuagoa da. Proust-en antzera azken hitza, edo obra, burutzeko luzamendutan dabil, premiazkoagoa baita bilaketa bera. Bilatzea bera helburu bilakatu da Azken hitzik ez dago, obraren beraren ingurua gordetzen duen heriotzaren pareko isiltasuna izan ezik. (Op. cit. 17)

Zenbait euskal literaturgilek hain maite dituzten literatur gogoeta horietako bat eginez zera gehituko nuke, literatura ez dela beti isiltasunaren eta eromenaren heriotzara eraman duen makina errituala.

Alegia, 1001 gauak edo eta Decamerona idatzi ziren garaietan literatura heriotzari ekiditeko errituala zen.

1001 gauak-en, erregeak gauero dontzeila bat hiltzeari ekiten dioenean bere emazte zenaren fidelgabetasunak bultzata, Shahrazad literaturaz baliatzen da heriotza hau mila eta bat gauez atzeratu eta, azkenean, literaturaren poderio hutsez, maitasun bihurtzeko.

Shahrazad literaturaz baliatzen da errege hiltzailea maitemindu eta herio garaitzeko.

Hala Decameron-ean ere, literatura izurrite beltzari atze eman eta denbora iragaiteko erritu bihurtzen da izurritearen mina iragan arte hamar gazteri bizirik eutsiko dion dibertimendu errituala.

Liburuotan literatur saioaren amaierak bizitzarako atea irekitzen du, ez herioganakoa.

Obabakoak-en bertan ere, pertsonaien itxuraldatzeak (Dayoub morroia, Laura Sligoren senar Thomas Sheldon, Wei Lie Deshang...) herioren eskutik libratzen ditu pertsonaiok.

Itxuraldaketa hauen kontakizunek aldiz, gu geu herioren eskutatik libratzen gaituzte, betirako ez bada ere, kontakizunek irauten duten lipar majiko horretan zehar behintzat.

Azken egia bilatzen dutenek bakarrik aurkitzen dute herio atearen beste aldean zain (Hans Menscher, Jean Baptiste Hargous-en ejerzitoa...).

Utopiaren magia bilatzen dutenek aldiz zoriontasuna topatzen dute.

Horixe baita modernismoaren zama: herio helburu bihurtzea.